jueves, 14 de octubre de 2010

Martxan daude geltoki intermodala egiteko lanak

Proiektuak 906.000 euroko aurrekontua du eta bost hilabetetan amaitu gura dituzte obrak.

Gernika-Lumoko garraio publikoa (autobusa, trena eta taxiak) batuko dituen intermodalaren lanak uztailean hasi zituen Udalak, eta gaur egun ere horretan dihardute. Bere momentuan Jose Mari Gorroño herriko alkateak lanokbost hilabeteren buruan amaitzeko asmoa erakutsi zuen.

Egitasmoak 906.000 euroko aurrekontua du, eta irisgarritasuna hobetzea izango du helburu. Horretarako, nasa berriak eta garraiobideetara igotzeko zein jaisteko plataforma berriak ipiniko dituzte. Garraio publikoa zentralizatuta izateaz gain, beraz, «bidaiarientzako baldintzak hobetuko dituen erabilera anitzeko geltokia» egingo dute, alkatearen esanetan.

Lanak, hiru fasetan

Intermodala eraikitzeko lanok hiru fasetan egingo dituzte. Lehenengoan Adolfo Urioste kalea urbanizatzeko asmoa erakutsi zuten, eta horrela egin dute. Uztailean hasi zituzten lan horiek eta egun azkeneko ukituak ematen ari dira.

Bigarrenean autobus geltokia berregituratuko dutela aipatu du herriko alkate den Jose Mari Gorroñok. Bi hilabeteko epean geltokiari «orraziaren itxura» eman gura diote, sei autobusentzako lekua eginez. Irisgarritasuna hobetu eta bidaiarientzako itxaron lekuak eta informazio puntuak ere egingo dituzte. Horretarako, nasak eta plataformak egin gura dituzte, oinezkoei geltokira sartzeko eta irtetzeko modua errazteko asmoz. Gainera, Berga kalearekin bat egingo duen oinezkoentzako pasagunea ere egin gura du Udalak.
Era berean, autobusak aparkatzeko sei leku egokituko dituzte, eta handik zuzenean Iparragirre kalera irtetzeko moduan egokituko dute gunea.

Proiektuaren hirugarren fasean tren geltokiaren aurrean dagoen Geltoki plazaren konponketari ekingo diote. Obra horiekin geltokiaren itxura aldatu nahi dutela azaldu du alkateak, «tren geltokiaren eraikina ikusteko moduan utziko dugu gune hori».


Obren ostean, plaza horrek oinezkoentzako leku gehiago izango duela aurreratu du Udalak, eta ibilgailuak taxientzako eta hango auzokideentzako bakarrik egokituko duten errail mistotik baino ezingo dute pasatu.


Kristalezko markesina

70 metro karratu izango dituen kristalezko markesina ere jarri nahi du Udalak autobusen geltokian, eta bertan dauden komun publikoak ere egokitu eta zabalduko dituztela jakinarazi dute.


Ingurua urbanizatu

Tren geltokiaren aurrean dagoen Geltoki Taxien geltokia, berriz, leku berean mantenduko dute. Autobusen geltokiaren parean legez, tren geltokiaren parean dagoen Iparragirre kaleko zatia ere urbanizatu gura dute. Zorua altxatuko dute, Adolfo Urioste kaleak hartuko duen itxura bera izan dezan. Taxi geltokiaren inguruko eta Loizaga kaleko zorua ere altxatuko dutela aurreratu du Udalak, gune hori ere oinezkoentzako egokitzeko. Iparragirre kaleko errepidea ere igo egingo dute, espaloiaren altuerara. Ciutat de Bergatik Adolfo Uriostera egingo dute hori, Geltoki plazaraino konexioa erraztuz.

Aparkalekuak egokitu


Autobusen geltokia eta tren geltokia batzen dituen kalean aparkalekuak kendu egingo dituzte, etxebizitzen eraikinaren aldean daudenak, hain zuzen. Beste aldean, diagonalean aparkatzeko aukera egongo da. «Kalearen argiztapena hobetzeko ere aprobetxatuko ditugu lan horiek», Gorroñok zehaztu duenez.





No hay comentarios:

Publicar un comentario