Pausoz pauso
jueves, 28 de octubre de 2010
Zumaiako `Telmo Deuna´k ere entrenatzaile berria du
Agur eta ongi etorri!

2010eko traineru denboraldia amaitu da eta horrenbestez, agurren garaia ere heldu da. Elantxobe Arraun Elkarteko presidente Patxi Egurrolak eskerrak eman nahi izan ditu arraunean taldean aritu izan direnei. Izan ere, arraunlari batzuk euren elkarteetara bueltan joan dira: Lur, Lander,Asier eta Alain Lekeitiora eta Eneko eta Arkaitz, berriz, Portugaletera. “Eskerrak danori, beti izango zarie Artarri. Eskerrak zelan ez beste guztioi; Jon, Markos, Ferni, Beñat, Jon, Rikar, Iñigo...Baita geure julenileri; Erlantz, Iñaki, Aitor, Manda, Zubi... eta batez be, Fernandori. Entrenatzaileak agur diñosku aurten, eta azken urteetan egindako lan ikaragarria Arraun Elkarean beti gogoan izango da. Agur diñoskune Txus be bada, eskerrik asko Txus danagatik”.
Aurpegi berriak
Agurren garaia bada bai, baina baita aurpegi berriei ongi etorria emateko garaia ere. Horregatik Egurrolak elkarteko entrenatzaile berria zoriondu nahi izan du, alegia, Aitor Altzibar lekeitiarra. Bide batez, bere ezkontzagatik ere zoriondu nahi izan du. “Ondo etorria izan Aitor eta zorionak zuri eta zure emazteari zuen ezkontzagatik”.
martes, 26 de octubre de 2010
Astillerok 2011ko denboraldiko arraunlarien taldea osotu du

Jon Salsamendi taldearen teknikaria pozik agertu da osatutako taldearekin. Taldearen osaketa amaitutzat eman duen arren, taldekide berrien gehitzea eta beste batzuen ateratzea ez ditu baztertzen.
Taldeko berezko 18 arraunlari
29 arraunlariren artean 18 dira taldekoak berezkoak. Eta datu hori oso kontutan hartzen du Salsamendik ligari begira. Taldea urtarrilean hasiko da entrenatzen eta bai aulki finkoan eta baita aulki mugikorrean ere arituko direla gaineratu du teknikoak.
Hasi da arraun denboraldia Elantxobekoentzat
Hasi da Elantxobeko arraunlarientzako 2010-2011 denboraldia. Maila txikienetatik hasita, helduenetara. Aurten, aginera, 7-8 urteko umeak ere Elantxobe Arraun Elkarteko arraunlariak izango dira. Oso gazteak diren arren, oso azkar ikasten ari dira arraunean. Ea horrela jarraitzen duten eurak izango baitira etorkizun batean taldeari eutsiko deutsienak.
Entrenatzeko garaia
Urteetan taldean diharduten arraunlariek hasi dute jada arraun denboraldia. Baita arraunean hasi berriek ere. Oraindik hasi ez direnak baino ez dira falta Elantxobeko klubean. Elantxobe Arraun elkartetik dei egiten die arraunean hasi nahi dutenei. Arraunean jakitea ez da arazo taldeko kide izateko. Ez da inoiz berandu ikasteko. Beraz, arraunean hasi nahi duenak Elantxobeko elkarteko ateak zabalik dauzka.
Elantxobe KAE2 mailan izango da datorren denboraldian

Izan ere, hainbat estropada on erakutsi dizkigute Elantxobekoek. Hainbat izan dira baita estropada itzel horietan lortutako puntuak. Baina azkenean ere, bi puntutara geratu da Elantxobe 10.postutik. Alegia, 11.postua eskuratu eta play-off-eko estropadetan parte hartu behar izan du. Play-off-ean gainera, ez da zorte handikoa izan Elantxobe. Lehenengo egunean laugarren postua eskuratuta alde egin behar izan zuen etxera. Bigarrenean, ostera, bigarren egin zuen. Baina hori ere ez zen nahikoa izan irrikaz hartutako maila mantentzeko.
Iazko denboraldian baino puntu gehiago
Puntuengatik bai, baina postuengatik ez zen posible izan Elantxoberentzat aurrera egitea KAE1mailan. Hala ere, kontutan hartzeko datu interesgarri bat ere badaukat. Aipatutako esfortsu eta ahaleginen adibide batekin nator. Izan ere, 2009.urtean baino estropada gutxiago jokatu dira eta horrela ere, iazko denboraldian lortutako puntuak baino gehiago lortu dituzte Elantxobekoek. Zerbait esan gura izango du…
Marearen aurka arraunean aritzea, zailagoa
Pena ikaragarria baina horrelakoxea da arrauna. Marearen aurka zailagoa izaten da arraunean aritzea. Hala ere, ez dira traineruko arraunlariak horregatik kilkilduko. Datorren urteko denboraldian berriz ere KAE 2 mailara igotzeko aukera izango dutelakoan nago. Ez dut horren zalantzarik. Ikusiko dugu eguna heltzean. Gauza bakoitza bere momentuan. Oraingoz, gogor ekin behar izango diete Busturialdeko arraunlariek. Zorionak haiei eta talde guztiari 2010. urteko traineru denboraldia ezin hobeto eramatea lortu dutelako!
jueves, 14 de octubre de 2010
Martxan daude geltoki intermodala egiteko lanak
Gernika-Lumoko garraio publikoa (autobusa, trena eta taxiak) batuko dituen intermodalaren lanak uztailean hasi zituen Udalak, eta gaur egun ere horretan dihardute. Bere momentuan Jose Mari Gorroño herriko alkateak lanokbost hilabeteren buruan amaitzeko asmoa erakutsi zuen.
Egitasmoak 906.000 euroko aurrekontua du, eta irisgarritasuna hobetzea izango du helburu. Horretarako, nasa berriak eta garraiobideetara igotzeko zein jaisteko plataforma berriak ipiniko dituzte. Garraio publikoa zentralizatuta izateaz gain, beraz, «bidaiarientzako baldintzak hobetuko dituen erabilera anitzeko geltokia» egingo dute, alkatearen esanetan.
Lanak, hiru fasetan
Intermodala eraikitzeko lanok hiru fasetan egingo dituzte. Lehenengoan Adolfo Urioste kalea urbanizatzeko asmoa erakutsi zuten, eta horrela egin dute. Uztailean hasi zituzten lan horiek eta egun azkeneko ukituak ematen ari dira.
Bigarrenean autobus geltokia berregituratuko dutela aipatu du herriko alkate den Jose Mari Gorroñok. Bi hilabeteko epean geltokiari «orraziaren itxura» eman gura diote, sei autobusentzako lekua eginez. Irisgarritasuna hobetu eta bidaiarientzako itxaron lekuak eta informazio puntuak ere egingo dituzte. Horretarako, nasak eta plataformak egin gura dituzte, oinezkoei geltokira sartzeko eta irtetzeko modua errazteko asmoz. Gainera, Berga kalearekin bat egingo duen oinezkoentzako pasagunea ere egin gura du Udalak.
Era berean, autobusak aparkatzeko sei leku egokituko dituzte, eta handik zuzenean Iparragirre kalera irtetzeko moduan egokituko dute gunea.
Proiektuaren hirugarren fasean tren geltokiaren aurrean dagoen Geltoki plazaren konponketari ekingo diote. Obra horiekin geltokiaren itxura aldatu nahi dutela azaldu du alkateak, «tren geltokiaren eraikina ikusteko moduan utziko dugu gune hori».
Obren ostean, plaza horrek oinezkoentzako leku gehiago izango duela aurreratu du Udalak, eta ibilgailuak taxientzako eta hango auzokideentzako bakarrik egokituko duten errail mistotik baino ezingo dute pasatu.
Kristalezko markesina
Ingurua urbanizatu
Tren geltokiaren aurrean dagoen Geltoki Taxien geltokia, berriz, leku berean mantenduko dute. Autobusen geltokiaren parean legez, tren geltokiaren parean dagoen Iparragirre kaleko zatia ere urbanizatu gura dute. Zorua altxatuko dute, Adolfo Urioste kaleak hartuko duen itxura bera izan dezan. Taxi geltokiaren inguruko eta Loizaga kaleko zorua ere altxatuko dutela aurreratu du Udalak, gune hori ere oinezkoentzako egokitzeko. Iparragirre kaleko errepidea ere igo egingo dute, espaloiaren altuerara. Ciutat de Bergatik Adolfo Uriostera egingo dute hori, Geltoki plazaraino konexioa erraztuz.
Autobusen geltokia eta tren geltokia batzen dituen kalean aparkalekuak kendu egingo dituzte, etxebizitzen eraikinaren aldean daudenak, hain zuzen. Beste aldean, diagonalean aparkatzeko aukera egongo da. «Kalearen argiztapena hobetzeko ere aprobetxatuko ditugu lan horiek», Gorroñok zehaztu duenez.
jueves, 7 de octubre de 2010
Urdaibaik Jose Luis Kortaren aurkako salaketa jarri du

Bermeo-Urdaibai arraun taldeak Jose Luis Korta Kaiku taldeko entrenatzailearen aurkako salaketa jarri du. Bermeoko taldeak Kontxako bandera irabazi ostean izan behar zuen egun pozgarria egun ilun bihurtu dute Kortaren adierazpenek. Izan ere, Kaikuko entrenatzaileak Bermeoko arraunlariak dopatu egin direla adierazi du hainbat komunikabidetan. Adierazpen guzti horiek bildu dituzte Bermeoko taldekoek eta hotiekin auzitegietara jo dute. Orain, auzia abokatu eta epaileen esku dago.
Hain zuzen, Jose Manuel Francisco Urdaibaiko entrenatzailearen aurkako akusazioak egin ditu Kortak; "ibilbide sinestezina dauka entrenatzaile honek», esan du, "positibo kasurik inoiz ez duela izan esaten duenik bada, baina sarri harrapatu dute. Gauza da abokatu onak dituela. Estropaden ondoren bere kargu zeuden hainbat arraunlari ospitaleratu izan dituzte; espero dut gehiago ez gertatzea», esan du.
Hala ere, adierazpen horiek Kortaren ahotik baino ez dira atera. Izan ere, Kaikuko presidenteak adierazi duenez, gainontzeko taldekoek ez dute zerikusirik Kortak esandakoarekin, eta hori dela eta, Korta isiltzen ez bada kalera joango dela aitortu du.